ADMINISTRAZIO-KUDEATZAILEEN BALDINTZAK ETA BETEBEHARRAK

BALDINTZAK

  • Espainiarra izatea, edo titulu eta kategorien elkarrekikotasuna ematen duen herrialde batekoa izanik espainiar egoiliarra izatea.
  • Adinez nagusi izatea.
  • Eginkizun publikoetan aritzeko gaitasuna kentzen duen zigorrik jasan ez izatea.
  • Elkargoen Kontseilu Nagusiaren ziurtagiriaren bitartez ziurtatzea haren artxiboetan ez dagoela aurrekari negatiborik.
  • Exijitzen diren gaitasun-probak gainditzea.
  • Administrazio-kudeatzailearen lanari dagozkion zergetan alta izatea.
  • Administrazio-kudeatzaileen Elkargo Ofizial batean egotea eta elkargo horrekin bat egiteko gastuak eta titulu profesionala jaulkitzearenak ordainduta izatea.
  • Ondorengo titulu hauetakoren bat edukitzea:
    • Zuzenbideko lizentziatura
    • Ekonomia zientzietako lizentziatura
    • Enpresa zientzietako lizentziatura
    • Politika zientzietako lizentziatura

BALDINTZAK

  1. Lanbidean araudiak betez jardutea.
  2. Bulego bakoitzaren ezaugarrien arabera, izapidetutako gaien ziurtapena bost urtez gordetzea, gaia burututako unetik zenbatzen hasita.
  3. Beren jardueraren inguruko agiri eta idazki guztietan jasotzea bere izen-abizenak, elkargoko kide direla eta zigilu profesionala, baita logotipoa ere, horrelakorik izanez gero.
  4. Uneoro betetzea balio eta eskubide konstituzionalak babesteko arauak.
  5. Aurretiaz beste profesional batzuen esku utzitako gaiak kudeatzeko baimena eskatzea, kontsiderazio-arauak betetzeko.
  6. Beren jardueragatik dakitenaren sekretu profesionala gordetzea.
  7. Beren prestakuntza profesionala etengabe eguneratzea.
  8. Erantzukizun zibileko poliza bat sinatu eta indarrean mantentzea, beren jarduna Estatutu Profesionalak aurreikusten duen moduan eta zenbatekoan bermatzeko.
  9. Beren bezeroei informazioa, laguntza eta aholkularitza ematea beren jarduerak ukitzen duen administrazio-prozedura eraginkortasun handiagoarekin gauzatzeko, uneoro jokatuz lehia askeko erregimenean.
  10. Pertsonalki jardutea lanean, inor tartean izan gabe, eta beren helbide profesionalari dagokion Administrazio-kudeatzaileen Elkargoan alta mantentzea.

SARRERA-PROBAK ETA ESKAERAK

Sarrera-probetan parte hartu nahi duten pertsonek horretarako eskabidea beteko dute, Espainiako Administrazio-kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren presidenteari zuzenduta. Eskabidea dohainik emango da Espainiako Administrazio-kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorretan (calle Mayor, 58, 28013-Madril) eta Administrazio-kudeatzaileen Elkargo Ofizialetan. Eskabide hau Administrazio-kudeatzaileen Kontseilu Orokorraren web orrian dago.

AURKEZPENA

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita.

ESKABIDEAK HEMEN AURKEZTUKO DIRA:

  • Espainiako Administrazio-kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren egoitzan (calle Mayor, 58, 28013 Madril), eta bidalketa ziurtatu bidez.
  • Administrazio-kudeatzaileen Elkargo Ofizialetan edo Correosen bulegoen bitartez, bidalketa ziurtatu bidez.
  • Posta elektronikoaren bitartez: consejo@gestores.net.

HONAKOA ERANTSI BEHAR DA

Probak egiteko eskabidean jasotako kontuan 100 euroko ordainketa egin izanaren frogagiria, probak egingo dituen pertsonaren izen osoa adieraziz, espedientea sortu eta azterketa egiteko eskubideengatik, eta NANaren fotokopia

Ordainketa hori Espainiako Administrazio-kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren kontu-korrontean dirua sartuz egin beharko da (eskabidearen eredu ofizialean jaso da kontu-zenbaki hori), diru-sartzea egin den bankuak baliozkotu beharko du, ziurtapen mekanikoaren bidez edo, egokia bada, horretarako eremuan zigilua eta sinadura baimendua jarriz.

Zenbateko hori ordaindu izanaren frogagiririk ez aurkezteak interesduna gaitasun-probetan ez onartzea ekarriko du.

ORDAINKETA HONETATIK SALBUETSITA EGONGO DIRA:

  • % 33tik gorako minusbaliotasuna duten pertsonak.
  • Deialdiaren argitalpen-eguna baino 30 egun lehenagotik, gutxienez, enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta dauden pertsonak.
  • Familia ugariak, Familia Ugariak Babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 12.1.c) artikuluaren arabera.

Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren, Espainiako Administrazio-kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren presidenteak probetan parte hartzeko onartuak izan diren pertsonen eta ez onartuen behin-behineko zerrenda onartuko du, eta zerrenda hori Elkargo Ofizialen eta Kontseilu Nagusiaren egoitzetan egongo da ikusgai, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean horren iragarkia argitaratuko da.

Onartuak izan ez diren pertsonek hamar egun balioduneko epea izango dute, Estatuko Aldizkari Ofizialean» iragarkia argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, onartua ez izatea eragin duen gabezia edo okerra zuzentzeko.

Interesdunek baztertuak izatearen kontrako erreklamazioa aurkeztu ahalko dute Administrazio-kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren aurrean, eta horretarako hamabost egun balioduneko epea izango dute, zerrenda argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita.

Epe hori bukatu ondoren, eta aurkeztutako zuzenketak eta erreklamazioak aintzat hartu ostean, Espainiako Administrazio-kudeatzaileen Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren presidenteak probetan parte hartzeko onartuak izan diren pertsonen eta ez onartuen behin betiko zerrenda onartuko du, eta zerrenda hori Administraziokudeatzaileen Elkargo Profesionalen eta Kontseilu Nagusiaren egoitzetan argitaratuko du.

Onartuak ez diren pertsonei ez zaie itzuliko espedientea sortzeko eta azterketa egiteko eskubidea izateko ordaindutako zenbatekorik, baldin eta eskabidean egindako adierazpenen ondorioz interesdunei bakarrik egotz dakizkiekeen arrazoiengatik baztertuak izan badira.